XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egoera hau ulergaitza litzateke nola eta berehala sorburuak errepasatu ezean eta, argiago gerta dadin, aldez aurretiko zenbait definizio azaldu ezean.

Alde batera utziko dugu, artikulu honetan barrena, soziologia terminoa, zeinak ez baitu oraindik lortu, mende honen hasieradanik, zientzia sozialen osoko corpus-aren zentzua, Durkheimek eta Simiandek hala amestu izan bazuten ere.

Europako herrialde askotan eta Frantzian bertan ere oraindik arrunta den bere adieran harturik, alegia gizarte bizitzari buruzko eta horretaz gizonek mantendu izan dituzten eta mantentzen dituzten ideiei buruzko gogoeta gisa harturik, soziologia filosofia sozialera biltzen da eta gure estudioari arrotz suertatzen zaio;

eta hartan ikusten bada, herrialde anglo-saxoietan gertatzen den bezala, molderik konplexuenetako gizarteen organizazio eta funtzionamendua jasotzeko ikerkuntza positiboen bilduma gisakoa, orduan soziologia etnografien espezialitate bat bilakatzen da,

hark halere honek bezain emaitza zehatz eta aberatsak izateko pretensiorako biderik gabe, haren objektuaren konplexutasuna bera medio, horrela honen kontsiderazioak, metodoaren ikuspuntutik, balio topiko handiagoa eskaintzen duelarik.

Definitzeko geratzen dira etnografia bera eta etnologia.

Guk, gainazaleko eta behin-behineko eran, baina ikerkuntzaren hasierarako aski izateko heinean, definituko ditugu, esanez ezen etnografia zenbait giza talde (hautatuak sarritan, arrazoi teoriko eta praktikoengatik, baina ez inolaz ere ikerketaren naturari atxikiak, gurearengandik gehien urruntzen direnetarikoen artetik) beren partikulartasunean kontsideraturik behatzea eta analizatzea dela, eta haietariko bakoitzaren bizitza, ahal den fideltasun tamainan, bihurtzeko xedez;

aitzitik etnologiak konparazio moldez erabiltzen ditu (eta gero seinalatu beharko diren helburuetarako) etnografiak aurkeztutako dokumentuak.

Definizio hauei jarraiki, etnografiak zentzu bera hartzen du herrialde guztietan; eta etnologia, herrialde anglo-saxoietan (haietan etnologia terminoa bazterturik geratzen ari baita) antropologia sozialaz eta kulturalaz ulertzen denari dagokio gutxi gora-behera (antropologia soziala batik bat instituzioak ordezkapen-sistema gisa kontsideraturik).